Erramun Martikorena

     Erramun Martikorena (Baigorri, 1943) Nafarroa Beheko artzain kantaria dugu. Otsobi goitizenez ezaguna, kanturako zaletasun handia izan du betidanik, eta lehen urteetan etxean asetu zuen abesteko nahia eta gogoa. Sekulako ahots baten jabe, Larzabalen (Nafarroa Behea) 1974ean egindako kantu txapelketan agertu zen lehen aldiz jendaurrean, baina 1978a arte ez zen hasi plazarik plaza kantaldiak ematen. Bere ahotsaren erregistro aberastasuna agerian utzi du a capella , hau da, ahots hutsez eman dituen kantaldi ugarietan, eta pixkanaka Erramun Martikorenaren izena ezaguna egiten joan da Euskal Herriko bazter eta txoko guztietan. Hala ere, artzaintzari loturik jarraitu du.

     Bere buruari erreferentzia zuzena egiten dion Baigorriko artzain laboraria izeneko diskoarekin debutatu zuen Erramun Martikorenak 1978an. Arreba izan zuen lagun kantari lanetan. Erramunek berak sortutako bi abesti daude disko honetan, Maitiak galdegin zautan  kantu ezaguna, eta  Agur etxeko anderea. Gainerakoen artean, Ipar Euskal Herriko kantu herrikoiak (Xori errexiñula, Xinaurria...) eta Etxahun Iruri Zuberoako bertsolari eta pastoralgilearen bi poema musikatu (Ai zer plazerra eta Laida pilotaria) agertzen dira, Erramun Martikorenaren kantaera sentibera eta naturalaren eskutik.

     Geroztik, diskoak grabatzen jarraitu du Baigorrikoak (Otsobi, Olerkarien oihartzun) eta gaur egun Ipar Euskal Herriko ahozko tradizioaren babesle nagusietako bat da, Jean Mixel Bedaxagarrekin batera.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria