Errobi

     Errobi. Euskal diskografiako lehen rock taldea ez zen Hegoaldean sortu, Iparraldean baizik. Plaza taldeetan arituak ziren Anje Duhalde eta Mixel Ducau 1973an elkatu ziren Errobi talde mitikoa sortzeko. Bi urte geroago atera zuten lehen diskoa, Errobi, eta beste hiru 1979an taldea desegin aurretik; Gure lekukotasuna, Bizi-bizian zuzenean grabaturiko disko bilduma eta Ametsaren bidea. 1985ean Errobi berpizteko saioa egin zuten Duhaldek eta Ducauk, eta azken diskoa atera zuten, Agur t'erdi izenekoa.

     Gure lekukotasuna 1976an kaleratu zen, Espainiako trantsizioa zela-eta Euskal Herriko etorkizunari buruzko zalantzaz eta kezkaz beteriko garaian. Giro nahasi hori abertzaleen ikuspegitik islatzen da zenbait kantutako hitzetan,  Gure lekukotasuna, Ez deat erranen  eta Bakea abestietan esaterako. Horrekin batera, emakumearen eta langileriaren borrokak pisu handia dute disko honetan.

     Musikalki, talde eklektikoa zen Errobi, eragin anglosaxoniarrak, jazz fusioa eta bestelako eraginak uztartzen zituen. Diskoak oso harrera ona izan zuen, eta garaiko berbenak taldeen errepertorioan ohikoak bilakatu ziren Gure lekukotasuna, Telebista eta Lantegiko hamar mandamenduak bezalako piezak.

     Geroztik, musika ibilbide bereiziak baina biak ere oso emankorrak jarraitu dituzte Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk. Anje Duhalde Akelarre taldeko partaidea izan zen hainbat urtez, eta ondoren, bakarlari gisa, hainbat disko atera ditu. Mixel Ducauk, berriz, Zaldibobo taldea sortu zuen, eta horrez gain, bere emazte Caroline Phillips-ekin diskoa grabatu zuen.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria