Imultzo eta Beloki

     Juan Ramon Azpitarte Imultzo soinujole azkoitiarrak eta Eleuterio Jauregi Beloki pandero jole zaldibiarrak urte mordoa daramatzate elkarrekin jotzen, eta dagoeneko Euskal Herriko trikiti bikote ezagunenetakoa da. 1991an Donostian jokatutako Euskal Herriko Trikitilari Txapelketan bigarren gelditu ziren, eta garai berean argitaratu zuten lehen diskoa, Jo ezak! izenburukoa. Hiru ute lehenago, Imultzok disko bat atera zuen Epelarrerekin.

     Trikitixa klasikoa eta modernoa uztartzeko ahalegina egin zuten Imultzok eta Belokik lehen disko horretan, trikitixa zale guztiei gustua emateko. Horrela, Bizkaiko jotak (Bizi nahiz), fandagoak (Txantxangorri, Urtxintxa), arin-arinak (Joanito) eta kalejirak topa daitezke disko bizi horretako pieza klasikoen artean, eta haien ondoan, doinu garaikideagoak, Gizontxo gixentxo izeneko korrido mexikarra, eta Linda Ronstadt abeslari estatu batuarraren abesti baten bertsioa den Pena dut kantua, kasu. Aipaturiko bi kantuetan sumatzen da trikitixari arnas berria emateko nahia, tronpeta eta biolina bezalako instrumentuak erabili baitzituzten. Halaber, bals geldo eta sentikor bat dago, Antton, ohore, Antton Ibarguren zenaren omenez.

     Geroztik, beste hainbat disko kaleratu dituzte Imultzok eta Belokik, Trikrisis eta Saturnotrik esate baterako, taldea sendoturik eta ohiko trikitixa, porrusalda eta arin-ariekin batera, cajun, rock eta rap erritmoak landuz.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria