Mikel Markez

     Mikel Markez (Errenteria, 1971) euskal kantautore berrien ordezkaririk ezagunena da. Silvio Rodriguez-en eta Benito Lertxundi-ren jarraitzaile sutsua, haien eskolakoa dela esan daiteke. Maketa atera zuenetik ahoz zho zabaldu ziren despistatu itxurako gaztetxo haren hunkitzeko gaitasunari eta sentiberatasunari buruzko aipamenak. Halaber, maisuaren, alegia, Lertxundiren ondoan jotzeko aukera izan zuen ikasle aurreratuak. Beraz, 21 urterekin...eta etorri egin zait (1992) lehen diskoa grabatu zuenean, Mikel Markezen izena ez zen arrotza jende askorentzat. Diskoak sekulako harrera ona izan zuen, Zure begiek, Mariñelaren bakardadea, Eguzkia, Itsu bati edota Gaur ere kantuak oso ezagun egin ziren, eta Markezen kantaldiak gero eta jendetsuagoak eta ugariagoak izaten hasi ziren. Grabazioan kolaboratzaile sare zabal batez inguratu zen Markez, zuzenekoen soinu biluzia jantziz diskorako. Horrela, besteak beste, txeloa, pianoa, sintetizadoreak, perkusioak, saxofoia, flautak eta txalaparta entzun daitezke, baita Tapia eta Leturiaren eskusoinua eta panderoa ere. Hitzetan, berriz, amodioa, bakardadea eta bestelako giza sentimenduen inguruko gogoetak bildu zituen.

     Ondoren, Oroitzapenak oparitzen ditut  eta Zertarako mugak jarri diskoak kaleratu zituen oreretarrak, baina lehen lanarekin erdietsitako onespena berriz izan gabe.  Musika, poesia eta ipuina nahasten dituen  Igurtzi nazazu berriro, laztana izeneko ikuskizun erotikoa ere aurrera eraman zuen beste artista batzuekin kolaboratzioan.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria