Oskorri

     Indarrean egon den euskal talderik beteranoenetarikoa izan da Oskorri. 1996an 25 urte bete zituen Oskorrik, eta zuzeneko disko bikoitz baten grabazioarekin ospatu zuen. Euskal Herriko musikari ezagunez gain, Espainiako Estatuko eta nazioarteko musikariek parte hartu zuten Getxon egindako kontzertu hartan (Martin Carthy, Gwendal, Milladoiro, Gabriel Yacoub...), Oskorrik, munduan zehar jaso duen onespenaren seinale.

     1975ean kaleratu zuen Oskorrik lehen diskoa, Gabriel Arestiren omenez. Handik aurrera hamabost disko baino gehiago atera ditu, euskal musikagintzan parekorik ez duen marka ezarriz. Hasierako lanetatik maila altua jarri zuen eta hari erregulartasunez eustea izan da Bilboko taldearen meritu nagusietako bat, ezin baita esan disko bakar bat ere txarra duenik.

     2015ko azaroaren 22an eman zuen azken kontzertua Oskorrik. Bitarte horretan, esperientzia berriak probatzen ibili zen, esaterako, kantu herrikoiak jendearengana hurbiltzeko martxan jarri zuen The Pub Ibiltaria izeneko ikuskizuna.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria