Peio eta Pantxo

     Peio Ospital eta Pantxoa Carrere. Euskal kantagintzan ia aurkezpenik behar ez duen bikotea osatu zuten Pantxoak eta Peiok. Hego Euskal Herrian, trantsizio garai, abertzaleen ahotsa eta bihotza izan ziren, hizkuntzari, aberri zapalduari, errepresaliatuei edota langileen etsipenari kantatzen baitzieten.

     Pantxoa Carrere eta Peio Ospital 1969an elkartu ziren Lapurdin, eta urte berean argitaratu zuten lehen disko txikia. 1975ean atera zuten lehen disko handia, Telesforo Monzonen eta Manex Pagolaren poemak musikatuz. Bi idazleon hitzekin osatu zituzten euskal musikaren abesti klasikoenetako batzuk; Itziarren semea, Lepon hartu ta segi aurrera, Batasuna, Ez dut bilatzen, Adios maitiak, Kanta aberria... Etxe guztietan abestu ziren kantuak dira, belaunaldiz belaunaldi zabaldu eta inoiz hilko ez direnak. 

     Pantxoak eta Peiok nahikoa zituzten ahotsa eta gitarra, abesti ederrak eta hunkigarriak egiteko. Estilo klasikoa landu zuten, sinplea baina hurbila, sentimenduz beterikoa. Bikoteak beste hainbat disko atera zituen; horietako bat hogeita bost urteko ibilbidea laburbiltzen zuen abesti ezagunen bilduma zen. Bikoteak 1992an utzi zion kantatzeari, atzean arrasto ezabaezina utzi duen jardunari amaiera eman nahiaz. Hala ere, aipatu behar da, gerora ere, elkartu izan direla kantuaz entzuleen belarriak goxatzera.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria