Sorotan Bele

     90eko hamarkadaren hasieran Euskal Herriko talde arrakastatsuenetako izan zen Sorotan Bele. Hondarribia eta Lezo artena sortua 1991n. Euskadi Gaztea Irratiak antolatzen duen maketa lehiaketa irabazi zuen urtebete geroago eta horrek lehen diskoa grabatzeko aukera eman zion. Sorotan Bele izeneko lanarekin arrakastaren gozoa ezagutu zuen taldeak. Asmatu zuen formularekin, sustrai zeltiarreko folkaren eta pop-rockaren arteko nahasketa berria baitzen hainbat jenderentzat. Horrela, adin guztietako milaka lagunek, baina batez ere gazteek, bat egin zuten taldearen alaitasun eta freskotasunarekin, eta Arratsalde honetan, Atalaia edota Zortzi orduko ekaitza bezalako kantuak non-nahi entzun eta dantzatu ziren.

    Lehen diskoak maila oso altu jarri ondoren, jendearen espektatibak betetzeko erronka zailari erronka egin behar izan zioten aurre bigarren diskoan. Mundu hegian ez zen aurrekoa bezain arrakastatsua gertatu, baina hala ere oso talde entzutetsua izaten jarraitu zuen Sorotan Belek. 1996an hirugarren diskoa, Jonen kezkak, kaleratu zuten Hirusta disketxearekin. Norabide berria hartu zuen taldeak disko hartan, folk doinuetatik aldendu zen eta pop-rock estiloa jorratu zuen. Handik gutxira, ordea, desegiteko erabakia hartu zuen taldeak, nekeak eta partaideek taldetik aparte zituzten zereginek bultzaturik. Kide batzuek bide propioa jarraitu dute musikan. Mikel Errazkinek bi disko kaleratu zituen bakarlari gisa, Urbil Artola bere aita Txominekin ibili izan da jotzen, eta Ritxi Salaberriak hainbat talderen zerbitzura jarri du baxua musikari profesional gisa.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria