Txomin Artola

     Txomin Artola (Hondarribia, 1948) euskal kantu zaharrak zein berak sortutakoak abestu izan ditu. Haizea taldeko partaide izandakoa, Amaia Zubiriaren bikotekide izan zen zenbait urtez, baina bakarlari gisa eman ditu urte gehienak. Hogeita bost urteko musika ibilbidean euskal zein atzerriko olerkarien poemak musikatu ditu hainbat diskotan. Haietako bat da Ttakun ttakun. Gotzon Alemani eskainitako diskoa da. Gotzon Aleman olerkari gaztea 1977an ezagutu zuen Artolak, Walt Whitman poetarekiko zaletasunak elkartu zituen, eta bion artean sortutako adiskidetasunaren ondorioz, Alemanen zenbait poema musikatzen hasi zen kantari hondarribiarra. Ezbeharrak, ordea, eten zuen harreman hura, 1978ko urrian hil zen Aleman bihotzekoak jota, 25 urte zituela.

     Gotzon Aleman izena eta izana omendu nahian, haren poemekin osaturiko disko bat grabatzea erabaki zuen. Txomin Artolak berak azaldu zuenez, Ttakun ttakun, "Gotzonen bizitza da. Gotzon hitzen egilea denez gero, disko autobiografikoa da". Euskal kulturaren alde Alemanek egindako lan handia nabarmendu zuen Artolak. Diskoa aurkezteko idatzitako testuan honako hau zioen Artolak: "Gotzonen sendikortasunak garatu egin zuen bere bihotza. Gezurra dirudi egun bizi garen gizartean horrelako zerbait gertatzea. Gezurra dirudi, gaur egun, maitasunez norbait hiltzea". Izan ere, maitasuna da hitzen ardatz nagusia, seme baten ikuspegitik jorratutako maitasuna. Instrumentazio aldetik urria da diskoa, baina emozioen aldetik aberatsa.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria