Zarama

     80ko hamarkadaren hasieran, Errobi, Itoiz eta besteren bat kenduta, euskarak jai zuen rockarekin. Londresen urte batzuk lehenago sortutako punk mugimendua iristen ari zen pixkanaka, gaztelaniaz kantatzen zuten taldeak sortzen ari ziren, baina bapatean ska eta punk musika euskaraz egiten zuten bi talderen berri izan genuen. ez pentsa eremu euskaldunetan sortutakoak zirenik. Biek aro oso bat protagonizatu zuten. Bata Gasteizkoa zen eta Hertzainak zuen izena. Bestea, Bizkaiko Ibar Ezkerretik, etorkinen inguruan sortutako Santurtzi herri industrialetik zetorren, eta oso izen punkia zuen: Zarama.

     Eszenatokian erakusten zuen bapatekotasunak eta freskotasunak estaltzen zituen taldekideen gabezia instrumentalak. Taldeko burua, Roberto Moso, euskaldun berria zen baina haren ganbaratik atera ziren Gasteizko gaua bezalako abesti ederrak. Indarrez izan zen lehen diskoa, oroitzapen ahanztezinezko garai batean grabatua. Haren atzetik etorri ziren Gaua apurtu arte, Dena ongi dabil, Bostak bat,... Taldea laukotetik boskote izatera igaro zen, taldekideen maila teknikoa hobetzen joan zen, taldea esparru berrietara zabaldu zen, eta abesti arrakastatsuak idazten jarraitu zuen, Non dago Camerun, kasu.

     Binilo bala da taldeak grabatutako azken diskoa. 1995ean taldea desegin zen, hamabost urteko historia zirraragarriari amaiera emanez. Taldekide batzuek musika munduan jarraitzen dute proiektu berriekin, Urreztieta Konexion eta Los Dirigibles, kasu.

Informazioa: Euskal Musika, Bildumaren Hitzak, C Egunkaria